Sorgin ehiza

Brujería en el País Vasco izeneko José Duesoren liburuan esaten duen moduan, sorginkeria jarduerak Europako historian ezagunak izan arren, soilik XIII. urtean bihurtu ziren benetako obsesio batean eta elizaren eskutik, harrapaketen hasiera suposatu zuten. Jada, XIII. mendean Euskal Herrian sorginkeriaren lehenengo aztarnak egon ziren, batez ere emakumeek pairatuta. Sendagileak, judutarrak edota gizartearekin eta aginterarekin  bat egiten ez zuten pertsonak ziren akusatuak. Sorgin ehizan epaimahai zibilen eta Inkisizioaren (gehigarria 2) papera ezinbestekoa izan ziren akusazioak eta zigorrak aurrera eramateko orduan. 

Inkisizioa Nafarroara heldu zen 1232 eta 1238 urteen artean, baina ez zuen garrantzia handirik izan Errege-erregina Katolikoen eskutik Gaztelan ezarri zen arte, aurretik han egondako sineskera judutar eta arabiarrak zirela eta. Nafarroako konkista ondoren, 1513an zonaldeko lehenengo inkisidoreak izendatzen hasi ziren, lurraldeko aginte berriaren aurka zeuden herritarrak erreprimitzeko helburuarekin. Epaimahai goreneko egoitza 1521ean Calahorran kokatu zen, 1570. urtera arte, Logroñon kokatu zena eta 1610ean Logroñoko fede egintza burutuko zuena. Honek Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Errioxa, Soria eta Burgoseko lurralde batzuetako erantzunkizuna zuen. 

Hasieran, hau da, XIII. mendean, zigorrak isunak besterik ez ziren, baina XIV. mendean, ustezko kasuek gora egitean, akusatuek jasotako zigorrak hilketara heltzen ziren. XVI eta XVII. mendeetan sorginkeria akusazioak asko zabaldu ziren Euskal Herritik eta ehunka pertsona honen biktima izan ziren. Hurrengoak Euskal Herrian garai hartan egondako sorginkeria foku nagusietako batzuk dira, batez ere Nafarroan, Bizkaian, Lapurdin, Araban eta Gipuzkoan kokatuta.

Mendearekin hasteko, aipatutako liburuak dioen bezala, 1500. urtean, Bizkaian, lehenengo sorginkeria fokua egon zen Anbotoko zonaldean. Hemen akelarreak lehen aldiz aipatu ziren. Akelarreak edo Sabbatak “sorgin” deitzen zituzten pertsonek egindako ekintzei esaten zitzaien. Gauean eta basoetan egiten ziren, korro batean dantzatzen zuten eta deabrua inbokatzeko egiten zirela sinesten zen. “Akelarre” deritzo, hau da, “akerraren larrua”,  deabruaren irudia akerrarena zelako. “Sabbat” bezala ere ezagutzen da ostiral gauan (sábado) egiten zirelako gehien bat. Gertakarian 10 pertsona bizirik erretzera kondenatuak izan ziren, 9 emakume eta gizon bakarra. Gainera, beste zazpi emakume kartzelean hil ziren eta haien gorputzak erre zituzten “muerte en efigie” emanez. Zigorren helburu nagusia fedearen aurkako ekintzak ekiditzea zenez, beste biztanleei heriotzak erakutsiz, akusatu bat exekutatua izan baino lehen hiltzen bazen, zigorra aurrera eramaten zen. Akusatuaren irudia erabiliz zigorra ezartzen zen eta honi “muerte en efigie” deritzo. Prozesu honekin bukatzeko, hiru gizon eta hiru emakume errekontziliatuak izan ziren, haien karguak aitortu baitzituzten eta barkamena eskatu zutelako. Gertakari honen ostean, Bizkaiako probintzian akusazioak eta sorginkeria kasuak asko handitu ziren, esate baterako Zeberion. Hemen foku bat eman zen 1538 eta 1539. urteetan eta berriro ere piztu zen 1558. urtean. 

Jesus Maria Usunarizek, Nafarroako unibertsitateko historia irakasleak, esaten duenaren arabera, Nafarroako sorgin ehiza lau etapa izan zituen. Lehenengo etapa 1525. urtean hasi zen, Ronkal-Zalazarren. Iturriak ez dira zehatzak, baina ehunka inplikatu egon ziren. Hauetatik 30-40 pertsona inguru heriotz zigorraren biktima izan ziren, sorginkeriaz akusatu zituztelako. Exekuzio hauetatik, nabarmentzekoak direnak ekainaren 19an Burgueten egon ziren hilketa publikoak dira. Hilabete baten buruan, Iturenen, Zubietan eta Santistebaneko Urrozen 400 pertsona inguru aztertuak izan ziren sorginak identifikatzen zituen neska baten eskuz. Honek deabruaren aztarna 12 pertsonetan aurkitu zuela esan zuen eta horietatik 4 epaituak izan ziren. 

Bigarren etapa 1540. urtean hasi zen, Ronkal-Zalazarren berriro ere. Hau Iruñan egindako fede egintza batekin, hau da,  fedearengan ezarritako zigorra erlijioaren kontra jokatzerakoan gertatutakoa, amaitu zen urte berean eta han 50 pertsona akusatu ziren. 

Hirugarren etapa 1575 eta 1577. urteen bitartean eman zen, Anotzibarren gehien bat. Bertan, 3 pertsona akusatuak izan ziren bi haur eta parroko baten testigantza eta denuntziak zirela eta. Emakume horietatik, 2 erahil zituzten lehenengo lotuz eta gero haien gorpuak errez. Hau Iruñako takoneran izan zen. 

Laugarren etapa XVII. mendean eman zen, Zugarramurdin. Hau ondoren azalduko dugu, 1609an gertatu baitzen.

Florencio Idoatek, Brujería en las montañas Navarra en el siglo XVI liburuan aurkeztu zuen moduan, Gipuzkoara Euskal Herri osotik hedatu zen sorginkeria zurrumurrua ere heldu zen. 1574. urtean, Araitz aranean sorginkeria akusazioak hasi ziren. Lurrande hori Andueza jauregiaren esku zegoen eta hango jabeak, Fermin de Dolosak, hasi zituen. Araitz arana, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko lurraldea da, muga egiten baitu biekin. Nafarroak denbora gutxi zeraman Gaztelako lurralde  bat izaten eta nafartarrek arazo asko sortu zizkieten hauei. Fermin de Dolosak 30 akusazio egin zituen Araitz aranean eta hoietatik 12 kartzelean hil ziren, epaiketa eman aurretik. Sorginak aurkitzeko Juana de Baraibar izeneko 12 urteko neska bat erabiltzen zuten. Berak begietan zeuzkaten markengatik identifikatu ahal zituen. Azkenean 1574. urtean egondako akusatuetatik, hil zirenak kenduta, bakar batek jaso zuen kondena. 100 zigorrada eman zizkioten eta 6 urtez erbesteratu zuten. Azkenik, horrelako kasuak Gipuzkoa eta Nafarroa arteko beste hainbat herrietan gertatu ziren, hala nola, Leiza eta Aresoren artekoetan. 

Jose Duesoren Brujería en el País Vasco liburuarekin jarraituz, Lapurdin gertatutako sorginkeria akusazioez hitz egiten da, 1576. urtean hasi zirenak, Uztaritzen konkretuki. Han 41 emakumeren aurkako akusazioa eman zen, sorginak zirela esanez. Azkenean horietako  bat erre zuten eta besteak heriotzera kondenatu zituzten. Emakume hauek umeak hiltzen zituztela esaten zen, gero Etcheniken ospatzen zituzten akelarreetan haien gorputzak ekintza diabolikoetan erabiltzeko. 

Liburu berdinetik Gipuzkoarekin jarraitzeko, 1595. urtean, Tolosan sorginkeria foku bat eman zen. Tokiko agintariek inkisizioa sartu behar zela uste zuten, izan ere, sorginek gaiztakeri asko egiten zituztela zioten. Hala ere, kasu honi buruzko dokumentuak desagertu egin ziren eta guztiak eramaten zuen pentsatzera kasua alde batera utzi zela. Baina, Gizpuzkoarekin harremantzen ziren sorginkeria kasuak ez ziren hor bukatu. 

Ezkutuko ondarea. Emakumeen errealitateak Bizkaian liburuak dioenez, 1605ean Donibane Lohizuneko agintariak eta Urtubiako jaunak merkataritzaren inguruko gatazkak izan zituzten, urtez arazo eta krisi handiak eragin zituztenak bi lurraldeen artean. 1609an Tristan de Urtubiak, Urtubiako agintariak, Enrike IV.a -erregeari zonaldeko sorginkeria kasuen berri eman zion. Bi hauek ez zuten harreman onik, alde batetik Frantziako Enrike IV.ak eta Nafarroako III.ak eta beste aldetik, Tristan de Urtubiak. Aurretik gertatutako Nafarroako konkista zela eta, Nafarroako Erresuma zatitu zen eta Urtubiako jauna Espainiako Felipe III erregearen alde jarriko zen beldur zen, honek Nafarroako Erresumako arrastoak errebindikatzen baitzituen. Hau dela eta, Pierre de Lancre Bordeleko Legebiltzarreko kontseilaria eta inkisidorea, besteak beste, bidaltzea erabaki zuen Frantziako eta Nafarroako erregeak, sorginkeria salaketak ikertzera. Marinelak itzultzerakoan, tentsio handia zegoen zonaldean, haien senideak kartzeleratuak izan baitziren. Gatazka oso nabaria bihurtu zen Donibane Lohizunen Marie Bonneren kontrako epaia egin zenean eta erregeari epailea ordezkatzea eskatu ziotenean. Bera ordezkatzeko beste epaile batzuk heldu ziren bertara eta han, atxilotutako presoak askatu zituzten. Hau dela eta, biztanle askok zonaldea utzi eta Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurraldeetara joan ziren. 

Pierre de Lancre Inkisizioko epaile bat izan zen 1609. urtean Euskal Herrira etorri zena. Historiagile gehienen ikuspegitik Lancre inkisidore odolzalea izan zen. Berak esan zuen bezala, “elizak izugarrizko krimena egiten dago sorginak ez erretzean” eta horren aurka borrakatu zuen, zigor horiek bere eskutik aurrera eramanez.

1609. urtean, Urtubiako auzokideen arteko konfliktu batean hartu zuen parte eta garaiko erregeak, hau da Gaztelako Enrike IVak, eskatuta. Urtubiako herritarrek, Lapurdin kokatuta zegoen herri batekoek, zubi baten eskubideak aldarrikatzen zituzten eta arazo asko sortu ziren, adibidez borroka handiak, horrek Lancreren interbentziora eraman zuen. Borroka horietako batean, biktima batek esan zuen edabe magiko bat hartzera behartu zutela, baina ez zen Urtubian sorginkeriarekin harremandutako lehenengo gertakaria. Lancrek garrantzia handia eman zion gertakari honi, bere sorginkeriaren persekuzioari hasiera emanez. Urte horretan zehar, epaileak, ehunka pertsona, gehienak emakumeak zirenak, akusatu zituen sorginkeriaz. Akusatu horietatik 60 baino gehiago bizirik erre zituen. Euskal Herrian garai hartan oinarrizko jarduera ekonomikoa arrantza zen, gizonezkoak bertan jarduten ziren eta beraz, etxetik kanpo ematen zuten denbora luzea. Errepresioa gizonezkoak atzerrian zeuden bitartean eman zen eta honen berri izatean, ahalik eta azkarren bueltatu ziren arazoa gelditzeko eta mendekua hartzeko. Hau ikusita, Inkisizioak Pierre de Lancre beste toki batera bidali zuen. 

Jesus Maria Usunarizek, Nafarroako unibertsitateko historia irakasleak azaltzen duen Nafarroako azken etapari dagokionez, Zugarramurdi izeneko Baztaneko herrian eman zen eta hau Espainian egondako sorginen ehizarik famatuena izan zen. Zugarramurdin egondako sorgin ehiza, 1610. urtean emandako prozesu inkisitorialaren ondorioz gertatu zen. Herri horretatik 53 auzokide eraman zituzten Logroñora sorginkeriarekin harremantzen zituztelako eta horietako asko bidean egondako kartzeletan hil egin ziren. 1610eko azaroaren 7an Logroñon autofedea eman zen, Inkisizioaren eskutik egondako heriotz-zigor publikoak ziren. Akusatuetatik, 6 bizirik erre zituzten. Beste bostak, lehenago hil ziren baina ez ziren indultatuak izan eta zigorrak emateko pertsona horien errepresentazioak erre zituzten.

Prozesu honen ondoren ehunka salaketa egon ziren eta sorginkeriaren fenomenoa lurralde osotik hedatu zen. Hala ere, Zugarramurdiko prozesuan parte hartu zuen Alonso de Salazar y Frías inkisidorea humanista bezala aipatzen da informazio iturri askotan, honek sorginkeriari eta akusazioei buruzko zalantzak zituelako eta emakume baten erretzeko-epaiaren kontrako botoa emanez haren ideiak adierazi zituelako. Beste elizgizon batzuek ere haien zalantzak aurkeztu zituzten eta Inkisizioaren Kontseiluak Nafarroako mendiak bisitatzeko eta ikerketa bat aurrera eramateko eskatu zion inkisidoreari. Hau 1611ko maiatzean abiatu zen eta zortzi hilabetez egon zen testigantzak jasotzen eta sorginkeriarekin zerikusia izan zutenak galdekatzen. Ez zuen frogarik aurkitu sorginkeriaren inguruan, zein akelarre edo haien ekintzen inguruan, inkisidoreen amakuntzak izan baitziren. 1613an Alonso de Salazar y Friasek bere aurkikuntzak aurkeztu zituen txosten batean, non argi uzten zuen ez zuela inolako frogarik aurkitu sorginkeria arloari dagokionez, hau da, asmakizun hutsak zirela. 1614an Inkisizioak Salazarren ikerketan oinarritu zen eta “Malleus Maleficarum” alde batera utzita, “Isiltasunaren Ediktua” (gehigarria 3) izeneko tratatuaren ideiak ezarri zituzten. Honetan, izenak esaten duen bezala, sorginkeriaren inguruko isiltasuna inposatu zen, prosezu eta egindako guztia estaliz. Nolanahi ere, agintari zibilek ez zuten Inkisizioaren ideia berriekin bat egin eta sorginkeriaren kontrako borrokarekin jarraitu zuten.

EiTBko Radio Vitoria Los procesos contra la brujería en Alava-k dioen moduan, garai berdinean Araban beste sorginkeria arazo bat eman zen, Arabako Lautadan hain zuzen ere. Inguruko hainbat zonaldeetan, hainbat testigantza eta akusazio eman ziren, hala nola, Araian, Larrean, Zalduondon edo Alegrian. Kasu honetan hainbat apaizek pairatu zuten, eliza beltzak meza beltzak ematen zituztela esaten zelako. Lautadako zonaldera Pedro Ruiz de Eguino inkisidorea bidali zuten. Inkisidore honek kontrola eta presioa ezartzen zuen akusatuei konfesioak egiten behartuz. Ezagutzen dira biktima batzuen testigantzak non Pedro Ruiz de Eguinok sorginkeriaz konfesatzen behartzen zuela esaten zen, tortura erabiliz. Ia Lautadako akusatu guztien testigantzak gauza bera esaten zuten. Hortaz, esan daiteke inkisidore honek Arabako sorginak asmatu zituela. 

Jose Duesoren arabera, Gipuzkoan, 1611. urtean, Hondarribiko sorginak bezala ezagutu ziren emakumeen aurkako prozesu inkisitoriala hasi zen. Kasu hau hain famatua egin zen inguruan non Luis Vélez de Guevara idazleak aipatu egin zuen bere obretako batean. Urte horretan Hondarribian, tokiko autoritateek sorginkeriaz akusatuak izan ziren pertsonak, emakumeak gehienbat, atxilotu zituen. Galdeketa oso gogorra jasan zuten akusatuek eta testigantza baten bidez, tokiko autoritateek, jakin zuten Jaizkibel mendian ustez zegoen Akelarre baten existentziaz. 

Akelarreak Santa Barbara elizan ospatzen zirela esaten zen, eta hara inguruko herri guztietako kideak joaten ziren. Besteak beste, Irunetik, Pasaiati, Hendaiatik eta Bidasoatik joaten ziren pertsonak akelarreak ospatzera. Hondarribiko autoritateek inkisizioa abisatu zuten, baina, hauek urte bat lehenago Zugarramurdin gertatutakoa ikusi eta gero, Hondarribin emandako fokoa ez zitzaien hainbesterako iruditzen eta guztia ahazteko agindu zieten. Hondarribiko autoritateak haserretu egin ziren ebazpen horrekin eta justizia haien eskuz hartzea erabaki zuten. Bi akusatu nagusiak erbesteratzea erabaki zuten, hauek Maria de Garro eta Inexa de Gaxen ziren. Biak frantsezak ziren, nahiz eta Espainiako soldaduekin ezkonduta zeuden.

Foku hau eta gero, Gipuzkoako sorginkeria akusatuak oso gutxi ziren, hain gutxi non Santo Ofizioak laguntza ezeztatzen zien. Honen adibide argi bat 1621. urtean gertatutakoa da. Urte hartan, Gipuzkoako diputazioak laguntza eskatu zion Santo Ofizioari, probintzian hainbat sorginkeria kasu zeudela esaten zutelako Gipuzkoako autoritateek. Santo Ofizioak erantzun zien ez zituela lagunduko esanez. 

Ezkutuko ondarea. Emakumeen errealitateak Bizkaian liburuari berriro ere aipamena eginez, 1616an Bizkaiko Batzarrak Felipe III. erregearengana jo zuen zonaldean sortzen hasi ziren kasuak direla eta. Logroñoko Inkisizioak “Isiltasunaren Ediktua”rekin bat egiten zuenez, erregeari epaile bat bilatzea eskatu zitzaion. Aurretik heresiaren, hau da, erlijioarekin bat egiten ez duten sineskeria edo ohituren testuinguruan, Gaspar del Hoyo Alberar izendatu zen Duangoko Merinaldeko Korregidoreorde bezala. Inkisidoreak Nafarroan gertatutako fokuetan parte hartu zuen, baina, Bizkaiko agintari zibilak bezala, ez zuen Alonso de Salazar y Friasen ideiak defendatzen eta beste inkisidore baten laguntzaz sorgin ehiza haren eskutik hartu zuen. 1617an Merinaldeko Batzarra hainbat alditan batu zen sorginkeria kasuen prozedura aurrera eramateko asmoz. Bertako biztanleen etxeetan frantsesak hartzea ere debekatu zen, haiek izan baitziren sorginkeria lurraldera ekarri zutenak. Egoera hartan desadostasunak egon ziren elizako kideen artean. Alonso de Salazar y Frias Bilbora joan zen eta bertan egoera eztabaidatu ostean “Graziako Ediktua” (gehigarria 4) ezarri zuen. Hala ere, aurretik aipatutako inkisidore asko haien ideiak mantendu zituzten baina sorginkeria akusazio guztiak Logroñon epaitzea lortu zen. 1619ko martxoan Gernikan egindako Bizkaiko Batzarretan sorginkeriaren aurkako neurriak hartu ziren eta egoera baretuta geratu zen. 

Gure lurraldeetan gertatutako sorgin-ehiza nabaria izan zen arren, Europako fenomenoa izan zen, eta beste herrialde batzuetan indartsuago jo zuen, esate baterako Alemanian.